2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

EUSKAL HERRIKO KULTURA, GURE KULTURA.

HAS GAITEZEN EUSKAL HERRIKO KULTURA EZAGUTZEN!

Euskal Herria Europako herrialde bat da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio medien mendebaldean kokatuta, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Zazpi herrialde edo probintzia hauek barne hartzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Guztira, Euskal Herriak 20.950,3 km² ditu, eta 3.005.670 biztanle inguru.
Euskal Herriko biztanleei euskal herritar edo  euskotar (gaur egun gutxiago erabiltzen den izena) deritze; lurraldeari izena eman dion hizkuntza dakitenei, berriz, euskaldun.
Euskal Herriaren kokapena
"Bienvenidos" euskaraz
Hizkuntzari dagokionez, esan dezakegu, Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira. Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.
Bestalde, Euskal Herriko ijitoak erromintxela izeneko romaniaren aldaeraz mintzatzen ziren, eta gaur egun, arrasto batzuk geratzen dira oraindik.

Guggenheim museoa
Euskal Herriko artea dagoen museoen artean, nazioarte mailan erreferente eta ikur nagusia Guggenheim Bilbao Museoa da. Bestela, Artium Museoa Gasteizen, Nafarroako museoa Iruñean, Tabakalera eraikina Donostian eta Bilboko Arte Eder Museoa aipagarriak dira.

Euskal Herriko musika anitza da eta hainbat hizkuntzatan egiten da. Musika klasikoari dagokionez, besteak beste Juan Crisostomo Arriaga (Los esclavos felices), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usanditzaga (Mendi-Mendiyan), Jesus Guridi (Amaya, Diez melodias vascas eta El caserio) eta Francisco Escudero musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak.
Euskal Herriko musika tresna tradizionalak
(trikitia, danbolina, danborra, panderoa eta txistua)
Bestela, Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak mundu osoan dira ezagunak, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere. Arlo horretan, Juan Mari Beltran musikaria aditu handienetakoa da. Izan ere, Oiartzunen antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia.
Musika tradizionalean hainbat instrumentu erabiltzen dira, hala nola alboka, panderoa, trikitia, txalaparta, txistua, txirula eta ttun-ttuna. Folk musikan ere badira nahiko ezagunak diren taldeak, Oskorri eta Tapia eta Leturia kasu. Azken urteetan gorakada nabarmena jaso du musika mota honek Kepa Junkera bezalako musikarien lana dela eta. 1970eko hamarkadan Ez Dok Amairu mugimenduari lotutako hainbat abeslari ere egon ziren, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kasu.
Euskal Herriko musika tresna tradizionala (Alboka)
Musika garaikideari dagokionez, Euskal Rock Erradikalak garrantzi handia izan zuen eta oraindik ere badu. Musika estilo horretan, talde aipagarriak dira Barricada, Eskorbuto, Hertzainak, Kortatu, La Polla Records eta RIP, besteak beste. Denboran geroagokoak eta estiloz zabalagoak dira Berri Txarrak, Betagarri, Kuraia, Fermin Muguruza bera, Negu Gorriak eta Zea Mays.

Euskal Herria ezaguna da bere gastronomia dela eta. Restaurant aldizkariak 2008ko munduko 50 jatetxe onenen eginiko zerrendan, lau jatetxe euskaldun agertu ziren: Mugaritz (4. postuan), Arzak (8. postuan), Martin Berasategi (29. postuan) eta Etxebarri erretegia (44. postuan). Euskal Herriko sukaldaritzaren osagai nagusiak parrillaz egindako okela eta arraina, marmitako, bakailao, Baionako xingarra, Tolosako babarrunak, Ezpeleta eta Lekeitioko piperrak, pintxoak, Idiazabalgo gazta, txakolina edo sagardoa dira.
Marmitakoa
Euskal Herrian bi hezkuntza sistema ezberdin daude, Espainia eta Frantziakoa. Gainera Hego Euskal Herrian EAE eta Nafarroak hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena dute. Euskal Herri osoan ikastolak dira euskaraz irakasteko zentroak, nahiz eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean eta Eskualde Mistoan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza publikoan ere euskara ikas daitekeen D ereduan.
B eredua eta gisa bereko eredu elebidunak badira hainbat ikastetxetan, adibidez Ipar Euskal Herriko Ikas-bi zentroetan. A ereduak gazteleraz ematen du irakaskuntza osoa, baina euskara ikasgai bat da. Eredu hau ofizialki Euskal Autonomia Erkidego osoan eta Nafarroa ia osoan har daiteke. Azkenik G eredua ere existitzen da, non euskara ere ez den ikasgai bat. Eredu hau edo baliokide bat Trebiñun, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta Nafarroako Eskualde Ez-euskaldunean ematen da.
Curriculumari dagokionez, hezkuntza ezberdina ematen da Frantzian eta Espainian. Horrez gain Frantziako ikastetxeek %10a herriko gaietara moldatu ahal dute. Espainian berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoek %55a finkatu ahal dute, nahiz eta guztiz ez den erabiltzen. EAEn gainera Euskal Autonomia Erkidegorako Euskal Curriculuma izeneko dekretua ere legezkoa da, Euskal Curriculuma eta Espainiako LOEren arteko nahaste bat da.
Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zentro publiko nagusia. Deustuko Unibertsitatea, ordea, pribatu nagusia da, Bizkaian batez ere. Gipuzkoan, Mondragon Unibertsitatea zentro pribatua da. Nafarroan, Unibertsitate publiko eta pribatua daude. Ipar Euskal Herrian Universite de Pau et Pays de l'Adour unibertsitateak kanpusak ditu BABen. Lurralde osorako, Udako Euskal Unibertsitateak irakasten du euskaraz, eta Euskal Unibertsitatea izeneko egitasmoak 2010eko hamarkadan guztiz euskaraz funtzionatuko duen goi mailako hezkuntza eman nahi du.
Euskal Herriko ereduen taula
[Kontsulta 2015-11-29an  https://eu.wikipedia.org/wiki/Euskal_Herria#Hizkuntzak tik hartuta.]


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina