EZAGUTU DEZAGUN FARAOIEN KULTURA!
Antzinako Egipto, Nilo ibaiaren ibarrean sortutako antzinateko zibilizazioa da, gaur egun Egiptok hartzen duen eremuan gutxi gorabehera. Zibilizazioa K. a. 3150 inguruan sortu zen, Goi eta Behe Egipto politikoki bateratu eta lehenengo faraoiaren agindupean. 3.000 urtez iraun zuen. Bertako historia bi garai egonkorretan banatzen da, Inperio edo Erresuma izenekoak, garai ezegonkorrek bereiziak, Tarteko Aro izenekoak. Azken inperioaren ostean, zibilizazioa gainbehera lasai baina jarraian sartu zen, atzerritarrek herrialdearen agintea hartu baitzuten. Faraoien agintaldia K. a. 31n amaitu zen ofizialki, Erromatar Inperioak Egipto konkistatu eta probintzia bihurtu zuenean.
Antzinako egiptoa |
Antzinako Egiptoko zibilizazioaren arrakasta Nilo ibaiaren aldaketetara ongi moldatzetik dator. Ibai emankorraren ureztatze kontrolatuak uzta oparoak eragin zituen, gizartearen eta kulturaren garapen handia eragin zutenak.
Antzinako egiptoarren lorpen ugarien artean daude matematika sistema konplexuak, meatzaritza aurreratua, behaketa eta eraikuntza hainbat eraikin monumental altxarazteko (piramideak, tenpluak eta obeliskoak) teknika garatuak, faiantza eta beiraren teknologia zehatza, medikuntza sistema praktiko eta eraginkorra, literatura forma berriak, ureztatze eta nekazaritza sistema emankorrak, eta munduko lehen bake hitzarmena. Egiptok ondare iraunkorra utzi zuen: artea eta arkitektura geroko hainbat estiloren oinarri izan dira, artelanak mundu osoan daude barreiatuta, euren arrasto monumentalek hainbat bidaiari eta idazle inspiratu dituzte eta erlijioak eragin handia izan du gure munduaren ikuskeran.
Pintura egiptiarra |
- Erlijioa
Egiptoarren erlijioa politeista zen, hau da, jainko eta jainkosa asko zituzten. Hiri bakoitzak bere jainkoa zuen. Erlijioa jainkoen eta jainkosen, faraoiak barne, gurtzan oinarritzen zen, haiek baitziren Egiptoko lurren eta pertsonen jabe bakarrak. Amon (jainko gorena), Ra (eguzki-jainkoa), Osiris (hildakoen jainkoa), Isis (Osirisen emaztea eta arreba) eta Horus (bizirik zegoen faraoia) ziren Egiptoko jainko nagusiak.
Denborarekin jainkoak elkartzeko prozesu bat hasi zen. Adibide gisa, aipatu Amon jainkoak Ra izenekoarekin bat egin zuela, eta horrela sortu zela Amon-Ra, Egiptoko jainko gorena.
Hildakoekin zuten ohitura |
Egiptoarren erlijioan berebiziko garrantzia zuen hildakoei egiten zitzaien gurtzak. Egiptoarren sinesmenen arabera, pertsona bat hiltzen zenean, arima ez zitzaion hiltzen, baina gorputzaren beharra zuen. Gorputza galtzen bazen, arima ere galdu egingo zen. Horregatik, funtsezkoa zen gorputza ere mantentzea. Hori lortzeko, gorpuak momifikatu egiten zituzten hilobiratu baino lehen, itxura fisikoa mantentzeko. Eguneroko bizitzako irudiak ere erabiltzen ziren, magiaren bidez, hil osteko bizitzan hildakoak bizimodua mundu honetan bezala jarraitzeko arazorik izan ez zezan.
Hori guztia zela eta, hilobiak oso garrantzitsuak bilakatu ziren. Ezagunenak Inperio Zaharrean faraoiei eta hurbilekoei eginiko piramideak izan ziren.
Piramideak |
Piramideak barrutik |
- Zientzia eta idazkera
Egiptoarrak izan ziren urtearen iraupena (365 egun) kalkulatzen lehenak. Matematikariek eta arkitektoek oso kalkulu zehatzak eta zailak egin behar izan zituzten eraikin erraldoiak moldatzeko; besteak beste, gai izan ziren zilindroaren edota piramide moztuaren bolumena kalkulatzeko.
Momifikazio prozesuari esker, anatomiari eta kirurgiari buruzko ezagutza sakona lortu zuten. Odolak bizitzarako zuen garrantziaz ere ohartu ziren. Horregatik, antzinate osoan sendagile egiptoarrak oso garrantzitsuak eta ezagunak izan ziren.
Ezin dugu aipatu gabe utzi, idazkera arloa. Oso ezaguna da egiptoarren idazkera hieroglifikoa, eta literatura aberatsa.
Hieroglifikoa |
Egiptoar gehienen dieta oso soila zen. Oinarrizko elikagaiak ogia eta garagardoa ziren, eta arrain lehorra, dilistak eta ilarrak ere jaten zuten, bai eta fruta ere; pikuak eta mahatsa, batez ere. Jakiak gozatzeko eta pastelak egiteko, berriz, eztia eta datilak erabiltzen zituzten.
Aberatsenek era askotako jakiak jaten zituzten; hegaztiak, haragiak, barazkiak eta frutak, esate baterako.
Egiptoarren jantziak ere oso soilak ziren: haurrak biluzik ibiltzen ziren, emakumeak lihozko oihal batekin estaltzen ziren, eta gizonek gerrialdean trapu bat lotzen zuten.
Aberatsenen artean ere, arropa oso arina zen; emakumeek eta gizonek, dena den, bitxiak, diademak eta bularretakoak erabiltzen zituzten, apaintzeko. Emakumeek ileorde ikusgarriz estaltzen zuten burua.
- Eskultura eta pintura
Eskultura egiptiarra (Nefertiti) |
Eskulturak eginkizun bikoitza zuen: arkitekturaren osagarri izan eta giza irudiak eskaini. Mastabetako eta piramideetako hil ganberetako hormak egunoroko bizitzako gertaerak jasotzen zituzten behe-erliebe oparoz apainduak zeuden, irudi horiek ondorio magikoak zituztela uste baitzen. Faraoiei eta jainkoei buruzko gertaerak kontatzen zituzten apaindurez edertzen zituzten tenpluetako horma zabalak. Erliebeak lauak dira, eta bikain apainduta daude. Hilen estatuak zurezkoak edo harrizkoak ziren, eta izpirituaren munduan eragina izateko balio zuten. Piramideen garaiko estatuek, margoturiko harriz eginak gehienak, duintasun bikaina eta bizitasun handia dute, teknika aldetik sotilak badira ere, Gizako Esfinge Handiaren irudiak erakusten duen bezala: harlanduz egina, gizon buru bat duen lehoi eseri bat da. Estatuak bakanagoak dira tenpluen garaian. Egiptoarrek erregeen eta jainkoen irudiak ipintzen zituzten tenpluen sarreretan; oso eskultura handiak ziren. Aipatzekoak dira, besteak beste, Abu Sinbelgo tenpluetako ate ondoetan daudenak. Pintura hormetako apaingarri gisa erabili zen, eta erliebeen esanahi magiko bera zuen. Teknika nahiko finkoa erabili zuten egiptoarrek: irudiak aurpegi emanez ageri dira eta une berean soslaiez, ez pintatzen ez zekitelako, pentsamolde berezi batek hala azaltzea agintzen zielako baizik. Zurez, harriz, urrez, beiraz eta zeramikaz eginiko hainbat gauza heldu da gaur arte, etxeko apaingarriak eta altzariak gehienak. Teknikari dagokionez maisutasun handia igartzen zaie lan horiei guztiei, eta era berean irudimen sakona eta marrazkirako sen berezia.
Faraoiaren eskultura |
Pintura egiptiarra |
[Kontsulta 2015-12-30ean http://info.ikasgune.com/es/node/197 tik, https://eu.wikipedia.org/wiki/Antzinako_Egipto#Kultura tik eta https://eu.wikipedia.org/wiki/Egipto#Eskultura_eta_pintura tik hartuta.]
Haurrak hobeto uler dezaten, Youtube-tik hartutako bideo bat behean kokatu dut:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina